Albisteak

“Munduan uzten ari garen zaborra argiztatzeak zentzua du, ikusgai bilakatzen delako”

Imanol Ossa lanean.

Imanol Ossa lanean.

  • Bateria batekin egindako lanpara.

    Bateria batekin egindako lanpara.

  • Bizikleta zahar bateko lohi-babesak.

    Bizikleta zahar bateko lohi-babesak.

  • Piano zahar baten teklekin egindako lanpara.

    Piano zahar baten teklekin egindako lanpara.

Argazkiak handitzeko klikatu gainean

Hogei urte daramatza Imanol Ossa zumaiarrak objektuak birziklatzen, zaborretan aurkitzen duena argiz janzten, birmoldatzen. Bartzelonan bizi da, eta bertatik kontatu dizkigu bere lan eta asmoen nondik norakoak.  

Zerk bultzatu zintuen zure sortze-lana objektuen berrerabilpenerantz bideratzera?
Duela 20 urte, Barne Diseinuko ikasketak amaitu nituenean, zera pentsatu  nuen: Zertarako hasiko naiz objektu gehiago diseinatzen? Munduan gauza pila daude!. Pentsamendu horretatik abiatu, eta nire militantzia ekologistari kaso eginez, diseinuaren esparruan birziklatzen hasi nintzen, etika edo kontzeptu batekin lanean. Arte alorrean jada erabiltzen ziren birziklatutako materialak, baina diseinuan oraindik ez.

Eta, zergatik aukeratu zenuen argia lanak janzteko?
Ez dakit zehazki zergatik, baina denborarekin konturatu naiz zentzua duela munduan uzten ari garen zaborrari argia jartzea, modu honetan ikusgai bilakatzen dugu. Gainera, argia guztiok behar dugun zebarbait da , eta horregatik hau nire bizibide bilakatu ahal izan dut.
 
Non aurkitzen dituzu gero artelan bilakatzen dituzun objektuak?
Hasieran kalean aurkitzen nituen. Garbigailuak desmuntatzen txatar-biltzaileekin batera kalean ibilia naiz. Orain ere egiten ditut horrelakoak, baina gutxiago. Azkenaldian, bigarren eskuko azoka eta dendetan aurkitzen ditut gauzak. Gainera, lagun eta ezagunek behar ez dituztenak gordetzen dizkidate.

Egia esan, lehen ez zegoen birziklapenaren inguruan jarduera aipagarririk. Orain bai, ordea. Truke bezalako plataformak oso garrantzitsuak dira. Bigarren eskuko gauzekiko dagoen estigmatizazioa kentzeko eta hauen erabilera naturala bilakatzeko.  Berrerabilpena sustatzen duen merkatu berri honek ez du ingurumena izorratzen, eta ez du kontsumo energetiko handirik.

Eta inspirazioa, nola heltzen zaizu?
Inspirazioa materialak berak ematen dit. Oso ezberdina da ezerezetik diseinatzea edo jada existitzen den material batekin lan egitea. Erokeria badirudi ere, nik “materialarekin hitz egiten dudala” esaten dut, berak esaten dit zein forma edo mugimendu behar duen. Elkarrizketarik ez bada sortzen, kalera ateratzen dut. Beste norbaitek material horri bizitza emateko aukera izan dezan.

Azkenaldian, arteak eta diseinuak ere kontsumismo bortitzaren aurkako rol garrantzitsua hartu du bere gain. Horrek jendearengan kontzientziazio handiagoa lortzen ari duela iruditzen zaizu?
Bai, “borroka” hau oso garrantzitsua iruditzen zait. Baina ez da inposatzailea izan behar. Ez du horrela funtzionatzen. Pertsonek beren pentsatzeko modua aldatzeko konpromisoa hartu behar dugu, eta ingurumenarekiko dagokigun erantzukizunaz jabetu. Azken finean, pertsonek dugu boterea, guk erabakitzen dugu zer erosi, non erosi, zer jan...

Besteak beste, Bartzelonako Drap Art Birziklapen Artiskoaren Nazioarteko Jaialdian hartzen duzu parte. Horrelakoak beharrezkoak direla uste duzu? Zergatik?
Bai, proiektu hauek interesgarriak dira, kontzientzia sortzea lortzen dutelako. Batzuetan, ordea, kontsumitzea ona dela dirudi. Kreatiboak izateko materiala sortzen dugulako. Garrantzitsuagoa da, ordea, gutxiago kontsumitzea eta hondakinen sorrera murriztea, bestela, izugarria da energia galera.

Zure agendan, zeintzuk dira hurrengo hitzordu garrantzitsuak? Baduzu erakusketaren bat begi-bistan?
Momentuz, nire bidea eta ideiak birziklatzeko asmoa daukat. Pixkat gelditzea, objektuak etengabe sortzeari uztea... 20 urte birziklatzen eman ondoren, gizartearen gurpila pixkat mantsotzea gustatuko litzaidake.
Oraingoz ez daukat erakusketak begi bistan, jendaurrean erakutsi ahal izateko gauza berriak sortu behar dira... Lugorri utzia naiz orain.

Gehiago jakin nahi baduzu, Imanolen webgunea bisita ezazu.

Itzuli