Albisteak

"Diseinua ingurumenaren imintzio bat baino ez da"

Tytti Thusberg diseinatzailea.

Tytti Thusberg diseinatzailea.

  • Birziklatutako materialez egindako soinekoa.

    Birziklatutako materialekin egindako soinekoa.

  • Segurtasun uhalekin sortutako zorroa.

    Segurtasun uhalekin sortutako zorroa.

Argazkiak handitzeko klikatu gainean

Tytti Thusberg disenatzaile finlandiarrak moda etikoa defendatzen du. Moda ekologikoa, jasangarria. Material ezberdinak bildu, birziklatu, eta horiekin sortzen ditu jantzi eta osagarriak. Diseinu originalak dira bereak, paregabeak eta iraunkorrak.

Donostiako Egia auzoan egiten du lan, bertan dauka bere tailerra, eta, bertan pilatzen ditu kable, segurtasun-uhal, kirofanoko maskara, edo txokolatina bilgarriak. Horiekin, besteak beste, soinekoak egiten ditu, gonak, poltsak, zorro edo blusak.

Zer da “Slow Fashion”?
Sortzaile eta disenatzaile gisa nire filosofia da “Slow Fashion”. Honen arabera, disenatzaileek ez dute sasoiaren arabera lan egingo, prest daudenean eta esateko zerbait dutenean baizik. Ez dira modaren ziklo azeleratuen menpe egongo. Oinarria, esentzia azpimarratzean eta identitate propio nabarmen bat izatean datza. Moda etikoa da, ekologikoa, tokian tokiko produkzioekin fabrikazio prozesua errespetatzen duena. Kontsumitzailea kontutan hartzen du, filosofia gutxi erostea da, berezia eta heredagarria, denborazkanpoko diseinua duena eta bakoitzaren nortasunarekin zerikusia duena. Produkzioarekin zintzoa izatea eta erosketekin zuzena.


Nola hasi zen zure harremana diseinu jasangarriekin?
Haurra nintzenean nahiko arrunta zen material ezberdinak berrerabiltzea. Nire amonak artilezko jertseak egiten zituen. Tarteka, modeloren bat desegin eta hariak diseinu modernoagoak egiteko erabiltzen zituen. Hala, txanoak, lepokoak, eta eskularru  berriak sortzen zituen. Amak arropa zaharrak ematen zizkidan, errezelak edo maindireak, nik nahi nuena egiteko. Josteko makina zahar bat erabiltzen nuen horretarako. Beranduago, 80ko hamarkadan nerabea nintzenean, bigarren eskuko dendetara joaten nintzen. Bertan, arropak erosi eta kustomizatu egiten nituen. Garai hartan, bigarren eskuko dendentara joatea marjinala zen eta “kustomizazio” kontzeptua ez zen ezagutzen. Denda horiek baliabide ekonomiko gutxi zituztenentzat ziren, ez pertsona cool-entzat.


Unibertsitate garaian ere joera bera mantendu zenuen...
Bai,  Finlandiako Mikkeli institutuan jostun ikasketak egiten ari nintzen garaian, 1988 eta 1991 urte bitartean, pachwork teknika erabiltzen nuen ohialtxoekin jantziak egiteko. Behin, kaseteak erabili nituen top artistiko bat sortzeko. Orduan ez nekien wearable art-a zer zen, eta birziklapenaren kontzeptua ez zen ezaguna.

Goi mailako Diseinu Eskolan (Kuopioko Unibertsitatea, Finlandia), karrera amaierako lan gisa kardatutako artile finlandiarrez sortutako feltrozko beroki bat aurkeztu nuen. Gai ekologikoetaz kontziente ginen jada. Diseinu horrekin eta elaborazio moduarekin lehiaketa eta erakusketa ezberdinetan ospea lortu nuen. SIFA (Smirnoff International Fashion Awards) azpimarratuko nuke, maila nazionalean irabazle suertatu bainintzen eta nazioarteko finalista Lurmutur Hirian, Hego Afrika.

Noiz hasi zinen hondakin materialekin lan egiten?
1996 urtean Finlandia utzi eta Donostiara heldu nintzen. Artelekun estudio bat alokatu eta feltroaren diseinuarekin jarritu nuen. Alta, gero eta gehiago interesatzen zitzaidan adierazpen artistikoa. Orduan hasi nintzen hondakin materialekin esperimentatzen eta soineko itxura zuten eskulturak sortzen. Eskultura bakoitzak bere historia eta sinbolismo propioa zuen. 2004 urtean “Moda Mantsoa-Slow Fashion” izeneko proiektu artistiko bat egin nuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ez nekien nazioarte mailan Slow Fashion mugimendua existitzen zenik, baina ez da kasualitatea nik garai berean erreibindikazio bera egin izana. Uste dut pertsona askok dutela kezka bera. Mundua oso globalizatua dago eta Internet bitartez toki guztietako informazioa eskuratu dezakegu.  

Ikasle nintzenetik nabil moda etikoaren esparruan lanean. Moda etikoaren kontzeptua pil-pilean dago eta inoiz baino eguneratuagoa dago. Niretzat produktu berriak sortzeko daukadan era bakarra da.

Azkenaldian pil pilean daude jasangarritasuna, berrerabilpena edo birziklapena bezalako kontzeptuak beste esparru batzuetan. Modan ere gure kontsumo ohiturak aldatu beharko genituzkeela uste duzu?
Gaur eguneko modaren mundua oso kontsumista da, garai bakoitzean joera berriak, eta aurreko urteko jantziak zaharrak gelditzen dira, nahiz eta egoera oso onean egon. Ez nago diseinu onaren aurka. Ingurumena gehiegi ahultzen duen eta langileen eskubideak errespetatzen ez dituen sistemaren aurka nago. Diseinua ingurumenaren imintzio bat baino ez da. Arropa material onekin egiten bada eta diseinu egokia baldin badauka oso luze bizi daiteke. Oihal lantegietako langileen egoera asko hobetu beharko litzatekeela uste dut, bai soldata mailan, eta baita segurtasunari dagokionez ere. Egun, ehungintzaren inpaktuetaz kontziente gara. Beharrezkoa da sentsibilizazio kanpainen bidez herritarren presioa.

Itzuli