Donostiako Udaletxean aurkeztu dute Cristina Eneak, Mecambiok eta Trukek ALDAtú, objektuak elkartrukatzeko eta ohiko zerbitzuak alternatiba etikoekin kontratatzeko egitasmoa.
Hiru entitateen elkarlanaren ondorioz jaio den ekimena gure ohiturak alternatiba arduratsuago, jasangarriago eta bidezkoagoetarantz bideratzeko barneratu beharreko aldaketak lortzeko topagune ireki gisa sortu da.
ALDAtú hilabeteko bigarren igandean ospatuko da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, eta maiatzaren 17an izango du bere lehen hitzordua, goizeko 11:00etatik 13:00etara.
Egitasmoak kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du, eta bi jarduera-gune izango ditu: kontsumo-ohiturak aldatzera bideratutako informazio, zalantza eta esperientzia trukaketa eta aholkularitza alde batetik. Eta gai jakin batekin lotutako objektuak eta ezaguerak trukatzeko gunea, bestetik. Jarduera honekin lortu nahi dena da inguratzen gaituen munduarekiko bizimodu solidarioago bat partekatzea, ezagutzera ematea eta lantzea.
Objektuak trukatzeko gunea
TRUKEk gai jakin batekin lotutako objektuak eta ezaguerak trukatzeko gunea dinamizatuko du. Hala, truke.eu webguneak presentzia fisikoa izango du eta zuzenean egin ahal izango dira trukaketak. Igande bakoitzean gai jakin baten inguruko elkartrukeak bideratuko dira: maiatzaren 17an etxeko gailuak eta ontziteria eraman ahal izango dituzte herritarrek, ekainaren 14ean diskoak eta liburuak, eta uztailaren 12an jolasak eta jokoak. Eramaten diren gauzak egoera onean egon behar dute eta, ez bazaie bertan irtenbide zuzena ematen, parte-hartzaileek objektuak www.truke.eu webgunean iragartzeko aukera izango dute.
Igandero, haurrentzat txoko berezi bat egongo da, jolasteko eta eskulanak egiteko aukerarekin. Gainera, pintxo pote berezia eskainiko zaie bertaratzen diren guztiei.
Alternatiba etikoak
MeCambio.net plataformako kideek ohiko zerbitzuak (telefonia mugikorra, argindarra, gasa, internet...) alternatiba etikoagoengatik aldatzeko jarraitu beharreko urratsak eta aldaketa egin dutenen esperientziak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei. Hornitzaile etikoak ekimena bisitatuko dute eta zuzenean emango dituzte azalpenak.
Saioak hilean behin egingo dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, 11:00etatik 13:00etara, honako egiturarekin:
11:00-11:30 Elkartrukatzeko material eta objektuen harrera.
11:30-12:00 Ohiko zerbitzu hornitzaileak alternatiba etikoagoengatik aldatzeko informazio gunea.
12:00 – 13:00 Objektu eta materialen trukaketa eta pintxo potea
Topaketa irekia bada ere, komenigarria da aldez aurretik izena ematea. Internet bidez egin daiteke, lotura honetan.
Jorratuko diren gaiak zehazteke dauden arren, hauek izango dira urte amaiera arte egingo diren topaketen datak: irailak 13, urriak 11, azaroak 15, abenduak 13.