Funtzionamendua

Nork har dezake parte TRUKEn?

Edozein pertsonak edo irabazi asmorik gabeko erakundeak.
Irabazi asmoa duten erakundeek ezingo dute parte hartu.

Izena ematea beharrezkoa da?

Izena ematea ez da beharrezkoa TRUKEko informazioa ikusteko: iragarkiak, erabiltzaileen profilak, albisteak, foroetako mezuak...
Bai, ordea, parte hartzeko. Iragarki bat argitaratzeko, beste erabiltzaileeekin harremanetan jartzeko, albisteetan iruzkinak idazteko edota foroetan parte hartzeko, izena ematea ezinbestekoa da.
Lasai, oso erraz eta azkar eman dezakezu izena formulario honen bidez.

Zer egin dezaket TRUKEn?

Jada erabiltzen ez duzun baina oraindik erabilgarria den zerbait eskaini dezakezu: debalde, beste zerbaiten truke edo diruaren trukean.
Kontsumo kolaboratiboaren eta ekonomia jasangarriaren inguruan gertatzen diren ekimenen berri izan dezakezu.
Zuk, zure kabuz edo elkarte zein erakunde baten izenean antolatzen dituzuen ekimenen berri eman dezakezu. Gainera, ekimenak antolatzeko laguntza edo aholkua eskatu dezakezu.

Zer eskaini dezaket TRUKEn?

Berrerabili daitekeen zerbait. Zuk jada erabiltzen ez duzun arren, erabilgarri izaten jarraitzen duena.
Pentsa, eskaintzen duzun hori egoera onean egon behar duela, beste pertsona batek erabili dezan.  
Adibidez: haur-kotxeak, sehaskak, jostailuak, mendi materiala, arropa, altzariak, etxetresna elektrikoak, liburuak, diskoak, artelanak, bizikletak, haurrentzat aulki bereziak...

Zer ezin dut TRUKEn eskaini?

Ezingo dituzu animaliak edo jatekoak eskaini. Honetaz gain, psikologikoki edo emozionalki mingarriak izan daitezkeen objektuak edo legeak debekatzen dituenak ere ezingo dituzu iragarri.
Ezingo duzu salgai jarri 3.000 euro baino gehiagoko prezioa duen ezer. Trukerako eta oparirako, ordea, ez dago balio mugarik.

Zer egin behar dut zerbait eskaintzeko?

Eskaini nahi duzun horri argazkia/k atera eta formulario hau bete behar duzu. Listo!

Zer aurkitu dezaket TRUKEn?

Askotariko produktuak ikusiko dituzu webgunean. Eta zure bilaketa errazteko ondorengo kategoriak aurkituko dituztu:

-    Arropa eta osagarriak
-    Elektronika
-    Etxea
-    Haurrak
-    Kirola eta aisia
-    Kultura (liburuak, musika, pelikulak eta bideo jokoak)
-    Beste batzuk

Gainera, prezio eta gertutasun geografikoaren arabera ere antolatu dezakezu zure bilaketa.

Zer egin behar dut aurkitu dudan zerbait eskuratzeko?

Aurkitu duzun produktu hori eskaini duen pertsonarekin harremanetan jarriko zara. “Nahi dut” aukeran klikatu produktuan interesa baldin baduzu eta iragarleari mezu bat idatzi ahalko diozu horixe adierazteko eta salerosketa edo elkartrukea gauzatzeko zehaztasunak adosteko. Elkarrekin hitzordu bat adostuko duzue, eta zure auzoan, adibidez kafe bat hartzen duzuen bitartean, egin ahal izango duzue transakzioa.

TRUKEk ez du transakzioan parte hartzen, eta ez du inongo komisiorik kobratzen.

TRUKEk erabiltzaileei beraien artean harremanetan jar daitezen errazatasunak jartzen dizkie Interneteko plataformaren bidez. Hortik aurrera, erabiltzaileen arteko harremana beraien ardura da. Transakzioa amaitzerakoan, produktua eskuratu duen erabiltzaileak produktua eskaini duenaren balorazioa egiteko aukera izango du, puntuazio bat emanez eta idatzizko mezu baten bidez. Mezu hori publikoa izango da eta erabiltzaile horren profilean ikusiko da. Modu honetan, erabiltzaileen portaera eta jokabide egokiak bermatu nahi dira.


Zer dira taldeak? Zertarako balio dute?

Interes edota gertutasun geografikoaren arabera antolatutako erabiltzaileen foroak dira. TRUKEk berrerabilpena eta kontsumo kolaboratiboan interesa duten pertsonak elkartzeko xedea du.


Nola eman dezaket izena interesatzen zaidan talde batean?

Taldeen atalean martxan dauden taldeak ikusi ditzakezu. Bakoitzean aurkezpen labur bat aurkituko duzu, baita izena eman duten erabiltzaileen zerrenda, zabalik dauden elkarrizketak eta argitaratu diren mezuak ere. Taldean parte hartzera animatzen bazara, “Izena eman” botoia klikatu. Zure profilean izena eman dituzun taldeak ikusi ahal izango dituzu, eta, hala nahi izanez gero, baja emateko aukera izango duzu.


Nola jakingo dut produktu bat oparitu, trukatu edo saldu dela?

Iragarritako produktu bat oparitu, trukatu edo saltzen denean, erabiltzaile iragarleak hori markatu beharko du bere profilean. Hala, iragarkia automatikoki ezkutatuko da. Saldu edo trukatu den produktu bat “kuttuna” bezala markatuta baduzu, zure profilean ikusi ahal izango duzu saldu edo trukatu dela azaltzen duen zigilu batekin adierazita.

Produktuak erreserbatu daitezke?

Ez. Momentuz ez.

Noiz eta zergatik desagertzen da iragarki bat?

Badira arrazoi ezberdinak iragarki bat desagertzeko:
1.    Iragarkia argitaratu duen erabiltzaileak kendu dezake.
2.    Iragarkiak 6 hilabete irekita betetzen dituenean automatikoki desagertuko da, iragarleari mezu bat luzatuko zaio honen berri emanez, eta berriz argitaratzeko aukera eskainiz. Iragarki zaharren metatzea sahiestu nahi du TRUKEk, maiz, bertan azaltzen den informazioa baliogabea izan daitekeelako.
3.    TRUKEk iragarki desegokiak desagertarazi ditzake.
4.    Iragarritako produktua saldu, trukatu edo oparitu denean, iragarleak hala adierazi behar du bere profilean, eta iragarkia automatikoki ezkutatzen da.

Nola egiaztatu ditzaket nire erabiltzaile datuak? Nola jakin dezaket zein iragarki ditudan argitaratuta?

Izena eman ondoren zure profilean sartu eta bertan, zure erabiltzaile datuak ikusi eta aldatu ahal izango dituzu. Gainera, beste erabiltzaile batzuk zuri idatzitako mezuak ikusteko eta hauek erantzuteko aukera izango duzu. Honetaz gain, “kuttun” bezala markatutako iragarkiak, iragarri dituzun produktuenak eta saldu, trukatu, oparitu, eskuratu edo erosi dituzun produktuak ere ikusi ahal izango dituzu.

Nola izan dezaket ekimen eta nobedade ezberdinen berri?

Erabiltzaile bezala izena ematerakoan buletina jasotzeko aukera aktibatu dezakezu horretarako. Dena den, edozein momentuan alda dezakezu aukera hau zure profilean.

Zer egin behar dut zerbaiten berri emateko edo zerbait antolatu nahi badut  laguntza / aholkua eskatzeko?

info@truke.eu helbidera idatzi dezakezu. Oso gustura irakurriko ditugu zure proposamen eta ideiak!

Itzuli