Zer da Truke?

Elkartasuna eta jasangarritasuna defendatzen dituen egitasmoa da TRUKE, kontsumo kolaboratiboaren aldekoa da, eta teknologiek ahalbidetzen duten etengabeko komunikazioan oinarrituko da objektuen berrerabilpena sustatzeko.

Trukearen bidez, muxutruk emandako gauzen bidez edo bigarren eskuko salerosketa dela medio, beren kontsumo ohiturak aldatu nahi dituzten herritarren komunitatea sortu eta indartzea du helburu.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Lurralde Antolaketa departamentuaren laguntzarekin abiarazi da.


Nortzuk gara?

30 lagun inguru osatzen dugu TRUKE, berrerabilpena sustatzen duen irabazi asmorik gabeko elkartea.

Esparru profesional ezberdinetatik etorriak, antzeko interes eta ardurek batzen gaituzte. Pertsonen arteko elkartasuna eta ingurumenarekiko errespetua ezinbestekotzat jotzen ditugu, horien alde egiten dugu lan eta horien kariaz bizi nahi dugu.

Komunitatea

Berrerabilpenaren onura nagusiaz gain, beste onura batzuk ekarriko ditu ekimenak. Trukea, oparia edo salerosketa pertsonen artean zuzenean egingo da, eta horrek komunitatea indartzeko aukera eskainiko du, gizatalde batean jarduerak sortzen eta indartzen diren heinean komunitatea suspertzen delako.

Proiektua teknologiek ahalbidetzen duten etengabeko komunikazioan oinarrituko da truke horiek sare sozial baten bidez errazteko. Behar ez duen gauza bat daukan pertsona gauza hori behar duen pertsonarekin harremanetan jarri ahal izango da.

Sare soziala

truke.eu webgunea izango da egitasmoaren lanabes nagusia. Hala, plataforma sare soziala izango da. Eraginkorra da, eta erabiltzeko erraza. Horretaz baliatuko dira erabiltzaileak elkarren berri izateko eta trukeak zuzenean egiteko.

Elkarlanerako egitasmoa

Egun bizi dugun testuinguruan asko dira estualdiak pairatzen dituzten pertsona eta familiak. Inoiz baino beharrezkoagoa da orain arteko kontsumismoa alde batera utzi eta beste balore sozialago batzuetan (elkartasuna, jasangarritasuna...) oinarritutako aro berri bati hasiera ematea. Eta erabiltzen ez ditugun gauzak beste batzuen eskura jartzea oinarrizko elkartasun ekintza bat da.

Gipuzkoan, auzo, herri eta eskualde mailan, erakunde eta herritarrek sustatutako ekimen anitz ari dira loratzen: birziklapen kanpainak, bigarren eskuko azokak, tailerrak etabar.

Horren kontziente izanik, webgunea martxan jarri aurretik eragile ezberdinei egitasmoa aurkeztu zaie eta elkarlanerako bideak ireki dira. Orain, webgunea martxan dagoela, eta gerora begira, dinamika horrekin jarraitu nahi du TRUKEk.

TRUKE egitasmo irekia da, eta etengabe bertan parte hartu dezaketen norbanako, elkarte eta erakundeekin harremanetan dago.

Herrialdeko erakunde eta elkarte ezberdinekin indarrak batzea ezinbestekoa dela uste dute TRUKE elkarteko kideek, eta beraien lana berrerabilpena sustatzeko eta komunitatea sortu eta indartzeko baliabideak erraztea eta mantentzea dela ulertzen dute.

Kalean

Interneten ez ezik, TRUKE kalean dago. Berrerabilpenarekin eta kontsumo kolaboratiboarekin zerikusia duten ekimen ezberdinetako antolatzaile, laguntzaile edo parte-hartzaile gisa.

Harremanetarako

info@truke.eu

Itzuli