Igandean, hilak 25, bigarren eskuko azoka berezia izango da Oiartzungo plazan, goizeko 11:00etatik 13:00etara.
Oiartzungo Abaraxka lukotekak antolatu du ekimena, eta Udalaren laguntza izan du horretarako. Aste honetan zehar, animatu direnek jada erabiltzen ez dituzten baina oraindik erabilgarri diren gauzak utzi dituzte herriko Atez-ateko bulegoan. Bertako arduradun Eneritz Arbelaitzen esanetan, “oso erantzun ona izan dugu eta denetarik jaso dugu egun hauetan, espero igandean ere jendea animatzea”.
Besteak beste, jostailuak, arropak, liburuak, baxerak edo etxetresna elektriko txikiak jaso dituzte. Herriko haurrek salduko dituzte gauzak, eta lortutako dirua El Watan, Saharako Lagunak elkarteari emango diote, hauek janaria erosi eta Saharara bidali dezaten.
Etorkizunean berrerabilpenaren inguruko azoka eta ekimen gehiago antolatzea gustatuko litzaieke oiartzuarrei. “Igandekoak duen harreraren arabera erabakiko dugu hurrengo ekimenak nola antolatu. Momentuz, azoka honetara etortzera animatu nahi ditugu oiartzuar eta bisitariak”, dio Eneritzek.