Albisteak

Birziklatutako objektuekin sortutako animazioak

Birziklatutako materialekin egindako panpina.

Birziklatutako materialekin egindako panpina.

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Astearen barne, Jiří Barta zuzendari eta animatzaile txekiarrari buruzko erakusketa dago ikusgai Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Toys in the Attic (2009) azken film luzean erabilitako panpina eta maketak daude ikusgai. Gehienetan, sortzaileak birziklatutako objektu eta materialak erabiltzen ditu. Hala, hodeiak egiteko burkoak aukeratu ditu, treneko bagoiak maleta zaharrak dira, itsasuntzia bainera txiki bat etab. Besteak beste, botoiak, arkatzak, tapoiak edo pospolo-kaxak, ikusgai dauden panpin eta maketen osagarri bilakatzen dira.

Eskola txekiarraren tradizio onenari jarraikiz –harrobi bukaezina eta oparoa animazioaren historiarentzat–, Jiří Bartaren (Praga, 1948) figura berez nabarmentzen da, Jiří Trnka –haren estudioan egin zituen hastapenak– edo Jan Švankmajer –sortzaile surrealista paregabeak eragin nabarmena izan zuen bere ibilbidearen hasieratik– izen ospetsuekin batera. Hiru hamarkadatik gora irudimenez eta poesiaz betetako lan garrantzitsuak sortzen ibili ostean, Barta maisu txekiar garrantzitsuenetako bat bezala ezaguna da, bai eta Europako animazioaren funtsezko erreferentzia gisa ere.
Erakusketa azaroaren 9ra arte egongo da ikusgai. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara, eta asteburu eta jai egunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.


+ jatorrizko albistea

Itzuli